Eibarko emakumeen aztarnak

Izena
ZUENA BAI DELA MERITUA. Talde-erakusketak “Eibarko emakumeen aztarnak”
Teknika
Akrilikoa mihise gainean (280x280zm)
Urte
2018

ZUENA BAI DELA MERITUA

Erreferentzia honekin eskaini zidaten “Eibarko emakumearen aztarnak” erakusketa kolektiboan parte hartzeko, obra bat sortuz.
Segituan gogoratu nuen Goi-Argi Eibarko elkartea; informazio iturri anitz neuzkan gainera.

Goi Argi sortu zuten emakumeei 1984 irratian egindako elkarrizketa baten zinta kasete bat aurkitu nuen. Haiek entzutea, plazerra izan zen. Estatu mailan emakumezko gizarteak eduki zituen zailasunak kontatzen zituzten.

Gauza asko kontatu nahi ditut, nere ustetan 280 x 280 zm ko mihise batek beraiei buruzko lana eskala egoki batetan egiteko aukera emango dit.
“Homenaje a Cezanne” obra datorkit gogora

Homenaje a Cezanne

Maurice Denis – “Homenaje a Cézanne” (1900, óleo sobre lienzo, 180 x 240 cm, Museo d’Orsay, París)

Emakume talde hau tenplu klasiko batetan irudikatua izango dela argi daukat. Ez jainkosa bezala beneratuak izan daitezen baizik eta mundu klasikoaren elementu desegonkorrak izan daitezen.
Elementu sinboliko askok, pertsonai hauen (benetako edo fikziozkoak) jatorri eta gertaerei buruzko erreferentzia egiten dute.

Protagonistak tenplu klasiko baten barruan kokatzen ditugu, eskaloi batek konposizioa igotzen du ikuslea eszenografia parean kokatuz. ezkerreko horman, tailer lehiate bat duen adreiluzko horma baten bitartez tenplua itxita gelditzen da, Eibarko grabatu tailer baten erreferentzia eginez. Apalean hiru liburu, hauetako bakoitzak Mercedes Kareagaren garrantzizko hiru proiektu sozial jasotzen ditu, hauen gainean kokaturik, jakinduria ezaugarri den sagarra.

 

Atzekaldean eskenatoki bateko teloia, piano bat eta sukalde bat. Jakina da Goi Argin konferentziak, gaubela kulturalak, sukalde ikastaroak eta nola ez afari eta ihauterietako festak egiten zirela. Ezkerretik eskubira Mrecedes Kareaga ikus dezakegu hitzaldi bat ematen, Tere gantxegi “Gure Balioak” saria jasotzen eta egindako elkarlan eta ikaskengatik Mercedesi eskerrak ematen.

Real Sociedaden kamisetarekin, Carmen Apellaniz. Gogoan ditut Goi-Argiko bazkideak Errealeko jokalariz mozorrotu zireneko 80ko ihauteri haiek. Honen ondoan Groucho Marxez mozorroturik dagoen beste bazkide bat, artista. Hau, besteak bezala umore argiz dohaturik.

Sukalde aurrean Felisa Loyola ere ikus dezakegu mantala soinean duela, mahai baten atzean bere errezetak aurkezten, bakailu kazola, sanblas eta sagarrak dituen fruta hontzi baten ondoan Cezanneren bodegoia.

Astoa, elementu garrantzitsua, konposizioaren erdialdean dagoela, garaiko tonbola benefikoetan ohikoak ziren elementuz osaturiko bodegoia jasotzen zuen. Bertako tailerrek emandako hainbat objektu ikusi zitekeen: patineteak, kafe makinak, josteko makinak edo bazkideek beraiek ekoiztutako panpinak. Bi data gogan izateko: 1951, sortze-data, eta 2018, koadroaren lanketa.

Astoa, artearen ordezkari gisa, ezegonkortasunaren irudia. Bere mastarekin, jainkoak, heroiak, monarkak eta mandatari harroputzak batzen diren tenplua kolpatzen du eta haiek, alde batetik bestera zabukatzen dira. Gainera, tenploko kariatide batetik soilik helduta egoteak sortutako ziurgabetasuna sentitu dute, izan ere, esker-aldean egon beharko lukeenak hanka egin du, hainbeste hipokresia eta bidegabekeria heltzeaz aspertuta. Inprobisatutako eskora batek, justu-justu heltzen ditu goialdeko pertsonaiak. Beste kariatidea, ezarritako ordenari fidel, emakume taldeari begira dago, mesfidantzaz. Ezker aldean beste pertsonai bat, Equipo Crónica-ko, “Ikuslegoaren ikusle”, Mercedes Kareagak grabazioan aipatzen duen mandatari zibilaren erreferentzia gisa, eta beraien obrak aurrera egin ez zedin gogor borrokatu zuena.

Elementu hau irudikatuz, Equipo Crónica-ri keinua egin nahi diot, erreferentea nire ibilbidean. Bere erakusketaz berriz gozatzeko aukera izan nuen 2018. Urtean, Reina Sofían.

Leire kareaga. Erakusketa-Exposicion

 

Behealdean, eskuinean, harro begiratzen dut emakume talde hau, miresmenez beterik.

ERAKUSKETA

Eibarko emakume artisten eta ondareko erakusketa kolektiboa.

 

Eibarko emakumeen aztarnak erakusketarekin Udalak bat egiten du Ondarearen Europako Jardunaldiekin, zeinaren aurtengo ardatz tematikoa “Ondarea, emakumeen emaria” den. Artista eibartarren begiradaren bitartez, erakusketa honek balioan jarri nahi du Eibarko emakumeen protagonismoa garaietan zehar eta gure hiria eta bertako ondarea (industria, damaskinatua eta grabatua, literatura, gizartea, musika…) garatzean haiek bete duten papera. Erakusketan ikusgai izango dira Maria Jesus Portillo eta Maria Asun Noguesen damaskinatuak, eta Elena Izaga eta Leire Izagirreren grabatuak; horiekin batera, Iratxe Unanue, Esther Galarza, Marina Barrena, Bakarne Elejalde, Leire Kareaga, Maialen Belaustegi, Natalie Garrido, Espe Zabala, Virginia Arakistain eta Maite Arriaga artisten lanak. Pinturak, eskulturak, argazkiak eta instalazioak, erakusketa honetarako propio eginak eta inspirazio iturri izan dutenak Arantza Lasa Astolaren “Historia de la mujeres de Eibar” liburua eta Zaida Fernández Pérez, Savina Lafita Solé eta Luz Maceira Ochoa egileen testua “Emakumerik gabe, Eibar ez litzateke izango gaur egun dena. Emakumeen arrastoak Eibarko industrializazio prozesuan” testua, oraindik argitaratu gabe.

 

Erakusketan damaskinatutako pistolak ere egongo dira, Maria Jesús Berasaluzek eginak, Armagintza museoaren hileko piezaren protagonista izango dena. Erakusketan lankidetzan aritu dira, besteak beste, Mursego -Maite Arroitajauregi-, Goruntz Abesbatza, Leire Abanzabalegi, Badihardugu, Juan San Martin liburutegia eta Eibarko Udaleko Berdintasun saila.
eibar.eus-tik jasota

Proiektua prentsan
Diario Vasco